2021-01-08

Guraso agurgarriak,

Azkar doa denbora! Ezta?

Ohartzerako iritsi zaizue zuen seme-alaba eskolaratzeko garaia. “Atzo jaio zela ematen du eta!” pentsatuko duzue, haurra azken aldian zenbat koskortu den sinetsi ezinik.

Zaragueta Herri Eskolatik idazten dizuet, kalitate goreneko doako hezkuntza lantzen duen Orioko eskola publiko bakarretik. Bertako  edukietatik hasita,  mundura irekitako hezkuntza-proiektu euskalduna du ardatz gure eskaintzak.

Gizartearen etengabeko eraldaketaren erronkei aurre egiteko prestatzen dugu ikaslea txikitatik. Gurean, konfiantzazko familia giro goxoan ikasiko du irakurtzen eta idazten, margotzen, teknologia berriak erabiltzen edo musikaz gozatzen, baina batez ere, egunerokoan errespetuz elkar bizi eta zoriontsu izaten.

Zaragueta Eskolan ikasle bakoitzari eskaintzen diogu arreta berezi eta pertsonalizatua. Hori da gure indar-gune nagusia: hezkuntza-prozesua ikaslearen sentimendu eta emozioetara egokitzeko dugun gaitasuna.

Ikastetxearen instalazio ederrak ingurune lasai eta berdean daude kokatuta. Natura gertu usain daiteke eskolako edozein txokotik. Jolas parkeak, frontoi estalia eta kirol pistek aukera paregabea eskaintzen dute.

Zaragueta Eskolak, gainera, zerbitzu zabalak ematen ditu, jangela subentzionatua, doako autobusa, ikaslearen zaintza-zerbitzua edo jarduera osagarriak, zenbait aipatzekotan. Publikoa denez, ikaslea eskolan hezteko ez da hileroko kuotarik ordaindu behar. 

Gutunean gure hezkuntza proiektua sartu dizuegu, eskolari buruzko informazio gehiagorekin. Nolanahi ere, zuekin aurrez-aurre egon eta elkar ezagutzeko ate irekien jardunaldia egingo dugu urtarrilaren 16ean,  10:30etik 12:30era.

Gainera, urtarrilaren 20an, asteazkenean, bilera informatiboa ere egingo dugu eskolaren xehetasunak patxadaz azaltzeko. Arratsaldeko 18:00etan izango da aurkezpena eskolan bertan, eta informazioa elebitan eskainiko da.

Ate irekien egunean, bertan seme-alaben aurre matrikula egiteko aukera ere izango duzue. Horretarako, familia-liburua eta gurasoen NANa beharko ditugu.

IPI Zaragueta Herri Eskola
telefonoa943 899 243
helbidea
Abaromendi 11,20810 ORIO
Kokapena
Lege oharra | Pribatutasun politika | Cookie Politika